Saguzarrentzako Arabako lehenengo hotela, ‘Herri bat, biodibertsitatearen aldeko ekintza bat’ ekimenaren 4. edizioaren protagonista, Arabako Errioxako Kuadrillan
Ferra-saguzar txikia mahatsondoaren laboreei eragiten dieten izurriei aurre egiteko onuragarria den espezie mehatxatua da
2.000 pertsona inguruk hartu dute parte biodibertsitatearen 60 hobekuntza egiten Gorbeialdean (2021), Arabako Lautadan (2022) eta Mendialdean (2023) egindako hiru edizioetan
‘Herri bat, biodibertsitatearen aldeko ekintza bat’ programaren 4. edizioa Arabako Errioxako Kuadrillari zuzenduta dago. Vital Fundazioa, Arabako Foru Aldundia eta Murgiako LHII ditu buru ekimenak, eta Arabako Lurralde Historikoko herrietan ekosistemaren biodibertsitatea eta baliabide naturalak hobetzea du helburu. Ekintza Garapen Jasangarriaren aldeko 2030eko Arabako Aliantzaren barruan kokatzen da, eta Garapen Jasangarriaren 15 Helburua du ardatz. Helburu horrek ur gezako lehorreko eta barneko ekosistemen jasangarritasuna sustatzen du, bereziki basoak, hezeguneak, mendiak eta eremu idorrak.
Aurtengo edizio honen aurkezpena Ainhoa Pereita Vital Fundazioetako zuzendari exekutiboak, Eduardo Aguinaco Arabako Foru Aldundiko Arlo Estrategikoetako zuzendariak eta Unai Zubia programaren koordinatzaileak egin dute.
Oraingoan, Arabako Errioxan garatuko da programa, urte honetan zehar, eta 6 udalerritan izango du eragina ekintzek: Lapuebla de Labarca, Oion, Moreda Araba, Guardia, Bastida eta Kripan. ‘Herri bat, biodibertsitatearen aldeko ekintza bat' ekimenaren erakunde sustatzaileek, edizio berri honetan, Lurraldeko biodibertsitatean inpaktu handiagoa sortuko duten proiektuak izan daitezela nahi izan dute, herritarren sentsibilizazioa bultzatzeko eta haien parte-hartzea sustatzeko. Ildo horretatik, saguzarrentzako Arabako lehenengo hotela jarriko da martxan, eta Moredan kokatuko da datorren irailetik aurrera.
Egitura horrek leku segurua emango dio espezieari kolonian bizi ahal izateko, inolako eragozpenik gabe. Gaur egun, ugaztun horren populazioen atzerakada batez ere gizakiaren eraginaren eta okupatzen dituen babeslekuak husteko etengabeko ahaleginaren ondorio da. Hotel horiek, ugaltze-koloniak kontserbatzen laguntzeaz gain, mahatsondoaren nekazaritzarako ere onuragarriak dira, nekazaritza iraunkorragoa lortzen lagunduko bailuke, sitsen borrokaren aurkako pestizidak gutxiago erabili beharko liratekeelako.
Ferra-saguzar txikia Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan ‘interes bereziko’ kategoriapean babestutako ugaztuna da. Kontserbazio-neurrien artean, U formako hormigoizko blokedun barrunbe bat eraikitzea aurreikusi da, 4,8 metroko garaiera eta 4,4 metroko zabalerakoa. Egitura 1,3 eta 1,5 metro artean lurperatuko da, eta bistan geratzen diren dorre biek 3,3 eta 3,5 metro arteko altuera izango dute. Dorre bakoitzaren barruan solairu bi eraikiko dira saguzarrak erraz zintzilikatu eta habiak egin ahal izateko. Dorre bietako bat sartzekoa izango da, eta sarbiderako, isuri bakarreko teilatua egingo da, baita habia egiteko landareen neurri bereko sarrera-zuloa ere. Ekintza irailean zehar gauzatuko da.
‘Herri bat, biodibertsitatearen aldeko ekintza bat’ programa abian jarri zenetik, biodibertsitatearen 60 hobekuntza egin dira Arabako 47 herritan, eta 1.942 pertsonak hartu dute parte. Lehenengo edizioan, 2021ean, hamahiru jarduera egin ziren Gorbeialdeko Kuadrillako beste horrenbeste herritan, eta 663 pertsonak parte hartu zuten. 2022an, 16 jarduera egin ziren Arabako Lautadako 15 herritan eta 542 pertsonak hartu zuten parte Programaren hirugarren edizioa, 2023an, Arabako Mendialdeko Kuadrillan burutu zen. Guztira 31 jarduera egin ziren, 19 lokalizaziotan, eta 737 pertsonak hartu zuten parte.
Hitzaldiak, haurrentzako tailerrak eta bisita gidatuak
Ekimen horrekin batera, herritarrei zuzendutako doako beste ekintza batzuk ere egingo dira. Ekintza horiek inguruan ditugun fauna- eta flora-espezieak ezagutzearekin eta errespetatzearekin izango dute zerikusia, aurrean dituzten arazoak zein diren ulertzeko eta ezagutzeko bitarteko diren aldetik.
Aurten, programa iritsiko den herri bakoitzean, 3 ekintza burutuko dira: hitzaldiak, haurrentzako tailerrak eta bisita gidatuak. Arabako Errioxan aurki daitezkeen eguneko tximeletak ezagutzeko hitzaldia eskaini dute dagoeneko, Guardian, uztailaren 27an. Jarduera aire zabalean egin zen, Carralogroñoko aintziran, inguruko espezie batzuk bertan bizi baitira. Herrigunean, umeentzako tailer bat egin zen, ‘intsektuentzako hotel’ bat eraiki eta jartzeko. Amaitzeko, gaueko tximeletak ezagutzeko bisita gidatu bat egin zen argi-tranpaz. Programak udazkenean jarraituko du:
- Kripan: Aequilibrium proiektutik Arabako Lurralde Historikoan bizi diren arrano beltzen xehetasunak emango dituzte. Haurrentzako tailerrari esker, espezie hori xehetasunez ezagutzeko, haren atalak gertutik behatzeko eta harrapakinak zein diren jakiteko aukera izango da. Herrerako magalean barrena egingo da bisita, Arabako Errioxako zeruetatik hegan dabilen arrano bikoteetako baten ibilbidea ikusteko. Antolakuntzak prismatikoak eramango ditu parte-hartzaileentzat. Jardueraren data: irailaren 5ean.
- Bastida: Hitzaldiak Arabako Errioxako eta Arabako gainerako ekosistemetako hegaztiei buruz hitz egingo du, eta etikak faunaren argazkigintzan duen garrantziaz. Haurrentzako tailerrean habia-kaxak egingo dira inguruko hegaztiek kumeak hazteko leku seguruak izan ditzaten, eta, horiek amaitutakoan, paseo txiki bat egingo da Bastidatik, habia horiek kokatzeko leku onenak bilatzeko. Jardueraren data: irailaren 7an.
- Lapuebla de Labarca: Arabako Errioxako flora izango da hitzaldiaren gai nagusia. Tailerrak Arabako Lurralde Historikoan dauden baso motak non usaindu, ukitu eta dastatu jakiteko aukera eskainiko du. Bisita gidatua, bestalde, Lapuebla de Labarca inguruan egingo da, herriaren inguruan bizi diren flora-espezieak ezagutzeko. Jardueraren data: irailaren 19an.
- Oion: hitzaldi batek ugaztunak kontserbatzeko ekintzak ezagutaraziko ditu, eta tailerrak mendian aurki daitezkeen aztarnak eta arrastoak ezagutzen ikasiko du. Eskaiolazko aztarnak ere egingo dira. Amaitzeko, bisita gidatu bat egongo da, tokian bertan arrastoak eta oinatzak ikusteko. Jardueraren data: zehazteke.
- Moreda Araba: Hitzaldian, Arabako Errioxan bizi diren saguzarrak hobeto ezagutzeko aukera izango da, eta haurrentzako tailerrean habia-kaxak eraiki eta jarriko dira, hiriguneetan bizi diren espezieentzat. Bisita gidatua inguruan ditugun espezieak zein diren ikusteko ibilbide bat izango da. Jardueraren data: zehazteke.