Eduki publikatzailea

Izki Trail maratoi erdia
Izki Trail maratoi erdiaren bigarren edizioak “Herri Bat Martxan” izango du nobedade, 15 GJHren egitasmoa
2023-07-06

Helburu horrekin berarekin, uztailaren 29an ospatzen den Izki Trailarekin batera , ‘Herri Bat Martxan' antolatu da. Ekimen berria da, Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako Aliantzaren barruan, 15. ODS  (Lurreko Ekosistemaren Biodibertsitatea) sustatzeko Vital Fundazioak, Arabako Foru Aldundiak eta Murgiako LHIIk bultzatua. Hala, maratoi erdia baino egun bat lehenago, hilaren 28an, ostirala, inguru horretako haurrentzako gimkana bat egingo da Apellanizen, eta maratoiaren egunean bertan, hilaren 29an, larunbata, bisitariek eta korrikalariekin datozenek Apellanizko errotara joateko ibilaldi gidatu batez gozatu ahal izango dute.

 

Gimkana (17:30-19:30) 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat da, eta taldeka gozatuko dute naturarekin zerikusia duten probak egiten. Parte-hartzaile bakoitzak karpeta bat jasoko du, eta karpeta horretan jarduerak egiteko pistak etorriko dira, baita planteatzen zaizkien galderen erantzunak jasotzeko orri bat ere. Elkargunea Apellanizko plaza da eta ordu eta erdi eta bi ordu artean izango dituzte hamar proba amaitzeko. Gainditu beharreko probak, besteak beste, honako hauek izango dira: hostoak bilatzea, egia ala gezurra motako jokoak eta arrasto, ur, birziklatze edo gurutzegrama jokoak.

 

Bestalde, Apellanizko errotarako martxa gidatua (9:15-10:30) publiko guztientzat da, errota birgaitua eta bere funtzionamendua ezagutzera emateko. Antzina zerealak ehotzeko erabiltzen zen, eta gaur egun herriko argiteria publikoa argiztatzeko erabiltzen da. Apellanizeko plazatik abiatuko da martxa eta bertan izango du helmuga ere. Zailtasun baxuko kilometro bi eta erdian zehar (45 minutu inguru), ehun urtetik gorako gaztainondoak bisitatuko dira, sorgailua martxan jartzeko ur-erorketa hasten den tokitik uharkaraino igoko da, eta errotaraino jaitsiko da. Errota jendearentzat irekita egongo da. Puntu bakoitzean inguruko biodibertsitateaz hitz egingo da.

 

Jarduera batean zein bestean parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da. Uztailaren 25era arte egin daiteke, Vital Fundazioaren webgunean, eta parte-hartzaile bakoitzak txapela eta kamiseta bat jasoko ditu opari. Haurrentzako gimkana doakoa da, eta errotarako ibilaldi gidatuaren kasuan, izena ematea 3 eurokoa izango da. Bildutako dirua ELAk eragindako pertsonen eta haien senideen alde borrokatzen duen Arabako ADELA elkartearentzat izango da.